Ingurumenean prozesu “txiki” askok eragiten dute

2021·07·12

DORLAZKAn ingurumenaren kudeaketa denon zeregina dela uste dugu: norbanakoarena, entitate publikoena, enpresa handiena, enpresa txiki eta ertainena (ETE) eta mikroenpresena. Horretarako, ezinbestekoa da modu zirkularrean pentsatzea, horrela, ekonomia eredua aldatu ahal izateko eta gizartearen garapenean eragin positiboak lortzeko.

“Ingurumenaren kudeaketa”, “hondakin arriskutsuak”, “gas emisioak” edo “ingurumenarekin erlazionatutako tramiteak” bezalako esaldiak ikustean edo entzutean enpresa handien eta administrazioen zeregina dela pentsatzea da ohikoena. Zer esanik ez “ekonomia zirkularra” edo “circular thinking” modukoak badira. Baina egia esan, edozein neurriko enpresak edo aktibitatek eragin diezaioke ingurumenari. Zehatzago esanda, giza-jarduera osatzen duten prozesu txiki bakoitzak eragiten dio ingurumenari, bakoitzak bere neurrian eta era positiboan edo negatiboan. Zoritxarrez, prozesu gehienek, modu negatiboan eragiten dute: hondakinen sorrera, airera botatako emisioak, ibai edo itsasora isuritako ur-kutsatuak, lehengai ez jasangarrien erosketa, argindarraren edo uraren erabilpen ez arduratsua, etab.

Zentzu horretan, azken hamarkadetan, ingurumena ekonomiaren ardatz nagusietako bat dela adierazten duten estrategiak jaio dira, non produktuen eta zerbitzuen ekoizpena zein haien kontsumoa jasangarria izan dadin, eredu linealetik ihes egin eta eredu zirkularrera pasa nahi duten estrategiak bultzatzen diren. Hori da, hain zuzen ere, EKONOMIA ZIRKULARRA: hazkunde ekonomikoa baliabideen erabilera mugagabetik eta ingurumenaren degradaziotik aldendu eta balio propioa lortzeko mekanismo berriak proposatzen dituen eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren garapena ardatz nagusi dituen estrategia, alegia.

Eta hau nola ulertzen da enpresa txikietan edo ertainetan?

Ulertzekoa da, enpresa txikienek eta ETEek, gai hauen aurrean atzerakada bat sentitzea: inbertsio ekonomiko handia izango dela pentsa daitekeelako, edo erabiltzen diren terminoen inguruko ustezko ezagutzarik ez dagoelako, edo aldaketak onurarik ez duelako ekarriko eta buruhausteak baino ez dizkielako emango.

Bada, oso oker daude ba. Izenburuan eta sarreran esan bezala, ingurumenean prozesu txiki askok eragiten dute, eta enpresa txikienek prozesu txikiak bai, baina gutxi izango dituzte. Ondorioz, egin beharreko aldaketak ez dira enpresa handi batek egin beharrekoak bezain handiak, ezta egin beharreko inbertsioak ere. Beti eman daiteke buruari bueltatxo bat, eta legeak eskatzen duena baino pauso txiki bat gehiago eman. Eta bakardadean pentsatzea zaila egiten bada, horretarako gaude: “circular thinking” egiten laguntzeko, zirkularrean pentsatzen laguntzeko.

dorlazka logo

Ingurumen aholkularitza
eta formakuntza

T. 664 255 889   Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Copyright © 2016 DORLAZKA