Ingurumen arloko enpresen eta eraikuntzara dedikatzen direnen arteko elkarlana ezinbestekoa da naturarekiko errespetua duten herri eta hiriak izan ditzagun. DORLAZKAn, paradigma aldaketa ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektu berritzaileen eta lan-ildo berrien bidez lortu daitekeela uste dugu.
DORLAZKAtik Donostiako Tabakalera eraikinera joan ginen pasa den uztailaren 2an, Aclima, Euskadiko Ingurumen Industrien Klusterrak eta Eraikune, Euskadiko Eraikuntzaren Klusterrak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatutako E-CONST proiektuaren inguruko jardunaldira. Ekimen honen helburu nagusia ingurumenaren eta eraikuntzaren sektoreak batzea da, ekonomia zirkularraren ikuspegitik aliantzak sortu eta lehiakortasuna, jasangarritasuna eta aukera berriak sustatu ahal izateko.
Zentzu horretan, Olga Martinek, Aclimako zuzendariak, eta Jon Andoleagak, Eraikuneko zuzendariak egindako aurkezpenean, garbi geratu zen eraikuntza eta ingurumena batzeak eman ditzaken aukerak ezin hobeak izan daitezkela; izan ere, ekonomia zirkularraren garapenerako sektore estrategikoak dira; lehenengoak eragiten dituen ingurumen-inpaktuengatik (lehengaien ustiaketa, energiaren kontsumoa edo hondakinen sorrera, besteak beste) eta bigarrenak, eman ditzaken lehiakortasun eta hazkuntza baliabideengatik.
Eraikinetan ez ezik, hirigintzan ere kontutan hartu beharreko eraldaketa da, modu integralean ulertu beharreko paradigma aldaketa, ingurunearekin benetan arduratsuak diren hiri eta herriak izan ditzagun.
Paradigma aldaketa lortzeko, ordea, ezinbestekoak dira berrikuntza proiektuak, lehengai naturalen ustiaketa gutxiagotu eta prozesu ekoefizienteagoak dituztenak, kutsadura arazoei modu integralean aurre egiten dietenak, arlo hauetan lan egin behar duten profesionalen formakuntza espezializatua ematen duten proiektuak, etab. Gainera, berrikuntza proiektuak egiteaz gain, ezinbestekoa da, baita ere, proiektu horien dibulgazioaren bidez ezagutzera ematea.
Jardunaldia amaitzeko, workshop batean elkartu ginen mota eta jatorri ezberdinetako enpresak, arkitektura, eraikuntza, hondakinen kudeaketa, ikerketa mundua, formakuntza eta heziketa mundua, ingurumen teknikariak…. Denok ikuspegi ezberdinekoak, baina hainbat elkargune izan genitzakeenak ekonomia zirkularra helburu izanik ingurumenaren eta eraikuntzaren bideak elkar gurutzatzeko eta proiektu berriak sortzeko.
(Irakurri osorik PDFa irekita)